Leoiaren XV-tekoaren kontzentrazioa zela eta etenaldia gainditu ondoren errugbia larunbat honetan itzultzen da Ordizira, arratsaldeko 16:00-tan Altamirako zelaian Ampo Ordizia eta Complutense Cisneros arteko bostgarren jardunaldiko partidarekin.
Valladoliden liderraren aurka galdu ondoren, Iñigo Marotias zuzentzen duen taldeak garaipen berri bat lortu nahi du eta bide batez Altamira gotorleku bihurtu. Goierritarrek egutegiaren zati biguinera iritsi dira. Datorren larunbatetik hasita beste hiru jardunaldi dauzkate hutsegiterik gabe burutu beharrekoak taulako onenen artean jarraitu ahal izateko eta ligako tituluaren borrokan buruz buru izateko. Hori dena gutxi balitz, partidak balio bikoitza duela esan genezake, Errege Koparako puntuagarria baita. Complutense Cisneros eta El Salvadorren artean jokatutako lehen partidan Gaztelako taldeak garaipena lortu zuen. Beraz, larunbatean irabaztea ezinbestekoa da finalaurrekoan postua lortzekotan. Ordiziarrek irabazi ezkero, urtarrilaren 30ean erabakiko da Pepe Rojoren zelaietan aurrefinalistaren izena.
Gaur egun ordiziarrek taulako seigarren postuan daude 10 punturekin eta 5 puntuko aldea ateratzen diote bederatzigarren postuan dagoen talde madrildarrari. Talde Kolegialak betidanik berea izan duen joko azkarrarekin dator. Horren erakuslearen seinale da historikoki zazpiko selekzioaren oinarria Complutense Cisnerosek osatzen duela. Marotiasen mutilek kontu handiz ibili behar dute jokoan, arerioa baloiaren jabe egiten baldin bada sufritzea tokatuko baitzaio Ampo Ordiziari. Eguraldi kaxkarra espero denez aurrerariek zer esan haundia izango dutela aurrikusi daiteke. Maul eta Meleetan nagusitasuna agertu ezkero partida aurrera ateratzea den helburua gertuago izango da ziurrenik.
Iñigo Marotiasek jokalari guztiak izango ditu eskura Anthony Matoto Tongarra izan ezik. Ia erabat osatuta dago baina berriro jokatzen hasi baino lehen, beste astebeteko atsedena ematea erabaki da.
23 urtez azpiko taldeari dagokionez, eguerdiko 12.00tan Altamirako zelaian Moyua Goierrik F.C. Barcelonaren bisita hartuko du. Kataluniarrek sailkapeneko lehen postuan daude 10 punturekin. Bigarren postuan Asier Pazosek zuzentzen dituen mutilek gertutik jarraitzen diote Barcelonari 2 punturen aldean. Beraz, 4 puntu baino gehiago izango dira jokoan, “B” taldeko lehen faseko lidergoa hain zuzen ere.
Goierritarrak tenore ezin hobean aurkitzen dira, aurreko partidan U.E. Santboiana den egungo txapeldunari irabazi ondoren.
Zoritxarrez zaleok ezin izango dugu Altamirara animatzera joan. klubak eskaintzen dizkigun streaming bidezko loturen bidez eta nola ez, Goierri telebistaren eskutik ikusteaz konformatu behar.