ARGAZKIA: Nohan Alberdi
SILVERSTORM EL SALVADOR AMPO ORDIZIA KRONIKA
Gertu egon zen garaipena Pepe Rojon, baina, zutoinak galarazi zion Iñigo Marotiasen taldeari Ordiziara lau puntuekin itzultzea.
Ordiziarren lehenengo zatia kaxkarra izan zen. Iñigo Marotiasek azaldu zuenez, Lehenengo zatia ahazteko modukoa izan da. Ez dugu erabaki onik hartu, denak txarrak izan dira. Partida hasi bezain pronto, bosgarren minutuan, lortu zuen lehenengo entsegua El Savadorrek. Goierritarren 22ko barruan aurrelariek egindako lan bikaina izan zen lehenengo puntuak markagailura igotzea ahalbidetu zuena. Beraz, gaizki hasi zen neurketa Iñigo Marotiasen jokalarientzat.
Joko aldetik lehenengo zatia traketsa izan zen. Goierritarrei denbora luzez defentsa lanetan ibiltzea egokitu zitzaien eta valladolideko jokalariek ez zuten erasoan min egiterik lortzen.
30. minutuan iritsi zen partidaren nondik norakoa markatuko zuen jokaldia. Lurrera erori zen uztartze baten ondoren sortutako liskar batean, epaileak, marrazainaren laguntzarekin, Eneko Salinas kanporatzea erabaki zuen txartel gorria erakutsiz. Beraz, Iñigo Marotiasen taldeak jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharko zituen hurrengo 50 minutuak.
Ordizian aski ezaguna den Christian Rustek lortu zituen lehenengo zatiko azken hiru puntuak zigor kolpe bati esker. Beraz, bi taldeetako jokalariak hamar eta hutsekoarekin joan ziren aldageletara atseden hartzera.
Bigarren zatian, Ordiziak egoera txarrari buelta ematea lortu zuen Caylib Oosthuitzenek lortutako entseguari esker. Baina, erantzuna berehala etorriko zen, Christian Rusten eskuetatik.
Buruak jaistetik urruti, ordiziarrek erasoaren iniziatiba hartzea erabaki zuten eta goierritarren erakusle den joko bizi hori egiten hasi ziren. Konturatzerako, Valentin Cruzek sartutako bi zigor kolperi esker eta Igor Genuak lortutako entsegu ikusgarri bati esker, aurretik jarri zen markagailuan Ampo Ordizia, 17-18.
10 minuturen faltan, Christian Rustek 20-18 berriro aurretik jarri zuen bere taldea. Partidaren gehiengoa jokalari bat gutxiagorekin jokatuta, Ordizia oraindik bizirik iritsi zen azken txanpara. Urduritasun askoko azken hamar minutu pasa ziren, eta markagailuak bere horretan jarraitzen zuen. Eta azkeneko jokaldian Alfonso Miratek ordiziarren aldeko zigor kolpea adierazi zuen. Partida jada amaituta zegoen, eta sartu ezkero Ampo Ordiziak garaipena eskuratuko zuen Pepe Rojon. Baina, zoriaren kontuak, Valentin Cruzen baloiak zutoinean eman zuen eta kanpora atera zen. Saririk gabeko lan bikaina egin zuten Iñigo Marotiasen mutilen Valladoliden.
Asteburu honetan garaipena eskuratu dutenak Moyua Goierriko gazteak izan dira Altamiran Les Abelles 47-21 mendean hartu eta gero. 16 urtez azpikoak, 18 urtez azpikoak eta Neska Taldeak, ere, asteburu honetan partida jokatzekoak ziren, baina bertan behera geratu dira partida guztiak.