Urteko lehenengo garaipena zuretzako.

Urteko lehenengo partidan, urteko lehenengo garaipena eskuratu du gaur Ampo Ordiziak, Kawaren hutsuneak markatutako partida batean. Iñigo Marotiasek atarikoan onartu zuen moduan, gabonak oso oso gogorrak izan dira taldearentzat. Zelanda Berriko jokalariaren falta handia somatu da entrenamenduetara itzuli denean taldea. Ordiziarren entrenatzaileak ere aipatu zuen taldea ez zela momenturik hoberenean iristen partida honetara, baina motibo handiak zituztela garaipena eskuratzeko, eta horrela izan da. 

Partida hasi bezain pronto, lehenengo minutuan estreinatu dute markagailua ordiziarrek Elliot Ryanek sartutako entsegu ikusgarri bati esker. Julen Goiak abiadura handiarekin hautsi du defentsako lerroa eta Elliot Ryani eman dio ondoren berak sartu zezan entsegua. Gainontzeko entseguak, 61. minutuan Anthony Matotok eta 80. minutuan Max Katjijekok lortu dituzte. Recoletas Burgosek 48. minutuan aldeak murriztea lortu du Tomás Carriók gauzatutako zigor kolpe bati esker, baina ordiziarrek partida kontrolpean izan dute eta azkenean urrezko balioa duten 5 puntu lortu dituzte. Azken emaitza 22-3 izan da. 

Esan bezala, taldeak behar zuen garaipena gabon gogor batzuen ondoren animoak berriro altsatzeko. Sailkapenari begira garrantzitsuak dira 5 puntuak, baina taldeak gaur garaipena Kawari eskaini nahi zion, eta lortu dute.