Vrac Quesos Entrepinares vs Ampo Ordizia atarikoa
Ampo Ordiziak ligako final laurdenak jokatuko ditu asteburu honetan Valladoliden.
Fase berri bat hasiko da asteburu honetan, eta helburua, pasa zen sasoian lortu zena errepikatzea izango da, finala jokatzera iristea. Ordiziarrak play-offa jokatzeko eskubidea ematen duen azken postuan sailkatu ziren, zortzigarren. Horren ondorioz, asteburu honetatik finalera bitarteko partidak etxetik kanpo jokatu beharko dituzte. Nahiz eta denboraldi erregularrean emaitzek ez lagundu, Goierriko taldeak erakutsi duen joko ona izan da, eta partidak pasa ahala, pasa den urteko bertsioa berreskuratzen joan da. Denboraldiko azken txanpara iritsi gara, eta indarrak guztiz husteko momentua iritsi da.
Aurkaria, ordea, ez da erraza izango, Vrac Quesos entrepinares liga erregularreko lehenengo sailkatuaren aurka jokatu beharko baitute. Valladolideko taldeak denboraldi bikaina egin du orain arte, eta aurten liga irabazteko asmo sendoak dituzte. Gainera, partida Pepe Rojon jokatuko da, bisitari guztientzat deserosoa den zelaia. Hala ere, Ampo Ordiziak badaki zer den Valladolideko lurretan irabaztea, pasa den denboraldian finalerako txartela bertan lortu baitzuten Silverstorm El salvadorren billa.
Esan bezala, Ampo Ordiziak eta Vrac Quesos entrepinaresek finalerdietarako sailkapena izango dute jokoan larunbatean, 12:30etan, Pepe Rojon.
Asteburuko gainontzeko partidak
18 urtez azpiko taldeak ere hitzordu garrantzitsua izango du asteburu honetan. Egindako denboraldi ezin-hobeari amaiera bikaina ematen saiatuko dira asteburu honetan Hernaniren aurka jokatuko duten finalean. Harrobia Ampo Ordiziaren indargune nagusietako bat da, eta horren erakusle da 18 urtez azpiko taldea finalera iritsi izana. Partidu hau larunbatean jokatuko da 11:00etan Irungo Plaiaundi errugbi zelaian.
Amaitzeko 14 urtez azpiko taldeak igandean jokatuko du 10:30etan Iruñan bertako taldearen aurka.